Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Txorien soinu-bandaz gozatzen Arditurri parketxean

Apirilak 13, 10:00etan, Arditurri Parketxean, Oiartzun.

Txori-kantuak ezagutzeko saioa Mikel Olanoren eskutik

(Oiartzun, Gipuzkoako Parketxe Sarea, 2024/04/02).

Udaberria hastearekin batera, naturaren esnatzea antzematen da ingurunean. Zuhaitzak hosto berriak eta loreak botatzen ari dira; narrastiak ezkutalekuetatik irten eta eguzkiaren berotasun bila hasi dira; txorien soinu-bandaz gozatzeko unerik egokiena da: zozoak martxoan hasi ziren habiak egiten eta haien kantu ederrekin esnatzen gara, enarak iritsi dira gurera Afrikatik, haien populazioak beheranzko joera azaltzen badu ere, txantxangorriak aztoratuta dabiltza norbere lurraldea zaintzen... Baina, inguruan ditugun zenbat txorien kantu ezagutzen ditugu? Ba al dakigu zergatik egiten duten kantuan? Arrek eta emeek berdin egiten al dute?...

Arditurri txoriak 2

Naturarekin harremanetan jartzea, plazera izateaz gain osasungarria ere bada eta txorien mundura hurbiltzea esku-eskura daukagun aukera da, gainera, haien ezagueran sakontzeak ingurunea zaintzearen garrantziaz sentiberatzen lagunduko digu, besteak beste.

Apirilaren 13an, larunbatarekin, txori-kantuak ezagutzeko saioa antolatu dugu Arditurri parketxean, Oiartzunen. Mikel Olano basozaina izango da saioaren gidaria. Inguruetatik ibilaldi erraz bat egingo dugu eta Olanoren laguntzarekin, txorien espezie ugari identifikatuko ditugu, bakoitzaren bizimoduari buruzko bitxikeriak azaltzen dizkigun bitartean. Aurrez, parketxean eskainitako solasaldian txorien munduko oinarrizko azalpenak eta haien kantuak identifikatzeko ariketa xumeak egingo ditugu. Mikel Olano, Euskal Herriko punta-puntako aditua da; daukan ezaguera-maila harrigarriari, komunikatzeko gaitasun aparta erantsi behar zaio. Ornitologian askotariko proiektuetan hartu du parte, besteak beste, pasa den urrian aurkeztu zen Euskadiko hegazti ugaltzaileen lehen atlas modernoan. Hitzordua goizeko 10:00etan izango da, aurrez izena eman behar da eta 6€-ko prezioa (4€ 12 urtetik beherakoek) du.

Arditurri txoriak

Udaberria txori artean hegan programaren lehen saioa izango da hau. Apirilaren 4tik 30era Ramón Urainen Euskal Herriko hegazti habiagileen akuarelen erakusketa bisita daiteke Arditurrin. Apirilaren 20an txori-kantuen inguruko beste saioa izango da Donostiako Ametzagaña parkean; apirilaren 27an "Okilak, gure basoetako arotzak" saioa Aitor Lekuona adituaren eskutik Arditurrin eta maiatzaren 12an sai arreen behaketa egingo dugu teleskopioekin, leku berean. Adin eta ezaguera-maila guztientzat aproposak direnez, ez galdu aukera eta erreserbatu lekua.

Informazio gehiago jasotzeko eta izena emateko:

943 49 50 69 / 688 89 50 68

arditurri@gipuzkoanatura.eus

www gipuzkoanatura.eus

Kartela ikusi