Miranda etxea XVI. mendekoa da eta estilo errenazentista du. Oinplanoa angeluzuzena da eta estalkiak hiru isurialde ditu. Beheko solairua eta hiru altuera ditu.
Fatxada nagusia harlanduzkoa da eta beheko solairuan bi sarbide eta leiho bat ditu; horiek guztiek burua dute. Erdiko sarrera handiagoa da eta horman erdi sartuta dauden bi zutabek babesten dute. Gainera, bakoitzaren gainean armarria dago: bat Zizurkilgo San Millan familiarena eta, bestea, Villaviciosatarrena izan daiteke, nahiz eta kaltetuago egon. Beste hiru solairuetan oineko hiru bao irekitzen dira eta guztiek burua dute. Lehenengo eta bigarren solairuan harrizko moldura luzea dago, baoentzat mentsula da. Hirugarrenean, berriz, mentsula bana dago bao bakoitzarentzat. Harrizko moldurak amaitzen du eta horren gainean egurrezko teilatu-hegala dago harburu landuekin.
Eskuin aldeko fatxadak jatorrizko lehenengo altuera bakarrik kontserbatzen du. Hareharrizko harlanduz egin zen eta ez du baorik. Beheko solairuarekiko irtena da. Ezker aldeko fatxadan jatorrizko lanetik bakarrik lehenengo altuera kontserbatzen da. Harlanduzkoa da eta hiru bao dauzka: bi sarrera eta leihoa. Leihoak balkoi irten eta luzea du. Fatxada amaitzeko egurrezko teilatu-hegala dago harburu landuekin.