Errenteriako udaletxeak jatorrian oinplano karratua zuen. Herriko Enparantzaren alde bat definitzen du. Bertan, gainera, eliza dago eta Erdi Aroko hirigunearen zazpi kaleetatik bost elkartzen dira.
Eraikina euskal udaletxeen itxurakoa da. Fatxada nagusia eta alde batekoa libre daude; beste aldea ere libre gelditu da horma bitartekoa egiten zuen etxea bota dutenean. Aparailua hareharrizko harlandua da. Behe solairua eta beste bi solairu gehiago ditu. Geroago, beste solairu bat egin zioten, baina atzerago emana dago. Solairu bakoitzean lau zulo daude, simetrikoki ardatzean kokatuak. Arkuen inpostetan eta zuloak inguratuz platabandak daude. Moldura oso irtenek solairuak zatitzen dituzte. Behe solairuan puntu erdiko arkuek ataria deskribatzen dute. Lehenengo solairuan alderik aldeko balkoi irtena dago. Erdiko bi zuloak betetzen ditu. Gainerako zuloak, bai lehenengo bai bigarren solairuan, banan-banakako balkoiak dira. Guztiek burdinazko forjaketa interesgarriak dituzte eta moldura irtenek eusten dituzte. Fatxada triglifozko eta metopazko frisoarekin amaitzen da Teilatu-hegalak harburu landuak ditu.
Lehenengo solairuan, zentratua, hiribilduaren ezkutua aurki daiteke. Ezkerraldean, goiko aldean eta baztertuta eguzki-ordularia dago. Eskuinaldeak fatxada nagusiaren ezaugarri orokorrak ditu. Lau bao-ardatz ditu eta gehienak balkoiak dira. Behe solairuan atarira irekitzen diren bi arku eta hiribilduaren ezkutua daude. Fatxada nagusian eta alboko fatxadan ageri den ezkutuak itsas uhinen gainean gaztelua du, alde bietan panelak daude eta gazteluaren almena altuenetik jaisten diren bi adaxka (sinopleak) ikus daitezke. Markesaren koroaren ordez, gainean aingerua dago. Lehenengoa arrunta izaten da Gipuzkoako hiribilduetan.