Euskal musika tradizionalaren ondareak bizirik dirau eta, orain, esku-eskura duzu Oiartzun aldean, Soinuenea museoan. Esandako museoa kultur adierazpen horren dokumentazio gune nagusi bilakatu da. Euskal sustraietarako bidaia honek zure partaidetza behar du: jo itzazu musika-tresna bitxienak, egin dantza eta abestu gurekin batera, eta, bide batez, erosi aditurik onenek gomendatutako materialik osoena.
«Gorputzarentzat soinketa bezain garrantzitsu da arimarentzat musika», zioen Platonek. Horregatik, entzumena lantzera eta emozioak pil-pilean jartzera gonbidatzen zaitugu, euskal herri-musikan barrena egindako bidaia honetan. Juan Mari Beltran aditu ezagunak zuzenduta, tradizioa eta sustraiak dituzten musika notak maite dituzten musikazaleentzako topagunea da Soinuenea.
Oso bitxiak diren musika-tresnen ezaugarriak azalduko dizkizugu; besteak beste, txistua, alboka edo txalaparta. Beren historia ikusiko dugu, jatorritik gaur egunera arte. Baina, jakintsuak zioen bezala, esadazu eta ahaztu egingo dut; irakats iezadazu eta gogoratuko dut; jar nazazu lanean eta ikasi egingo dut. Horregatik, guk kontatutakoa entzuteaz gain, lehendabiziko notak entzun eta joko dituzu aditu baten laguntzarekin. Hark zenbait herri-melodia joko ditu eta, gorputzak hala eskatzen badizu, dantza egin eta abestu ahal izango duzu.
Lotsa ematen badizu edo zure etxeko babesean egin nahi baduzu, diskoak, liburuak eta DVDak dituzu eskura, baita musika-tresnak ere. Gainera, agenda zabala antolatzen dugu musika hori zuzenean entzuteko.
Gogoan hartzeko gauzak:
Soinuenea - Herri Musikaren Txokoa
Tornola, 6. Ergoien
20180 Oiartzun
Tel./Fax: (00 34) 943 493 578
soinuenea@soinuenea.eus
www.soinuenea.eus
Iraupena: Egun erdia.
Prezioa: 8 €/pertsona. 10 pertsonatik gora, 80 €/taldea.
Gutxienezko taldea: 4 pertsona.
Hizkuntzak: Gaztelera, euskara, frantsesa eta ingelesa.
Noiz joan: Asteartetik larunbatera urte osoan zehar.
Oharra: Adin guztietarako.