Bideek eta, bereziki, Done Jakue Bidearena bezalako historia luzea dutenek, lurralde batean barrena ibiltzeko aukera emateaz gain, jakin-min pixka batekin eta irudimenarekin hegoak zabaltzen baditugu, aspaldiko garai misteriotsuetara denboran bidaiatzeko parada eskaintzen digute.
Badakigu, jakin ere, Akitaniatik honantz zetorren bide bat izan dugula Gipuzkoan antzin-antzinatik, bide hori Europatik penintsulan sartzeko bide nagusietako bat izan zela, eta Oiassotik barrena – egungo Irundik barrena- meseta aldera abiatzen zela gero. Bidasoaren bazterreko toki honetatik beste bide tradizional bat ere igarotzen zen, aurkitzen zailagoa, kostaldeari jarraiki. Bi bide horiek, denborak aurrera egin ahala, aldatzen joan ziren, eta noizbait, erromes askoren helmuga desiratu bilakatutako Santiagoko herrirar iristeko bi bide izatera iritsi ziren. Bideek eta, jakina, baita Done Jakue bideak ere, susperraldi bat ezagutu zuten Behe Erdi Aroan, herrien arteko komunikaziorako bide gisa, eta horri esker merkataritza ere indartu egingo da. Garai horretan, burgesiaren eta gremioen gizarte mailek diruan eta markataritzan oinarritutako ekonomia bat bultzatuko dute, ordu arte autokontsumoan oinarrituta zegoen jauntxoen egitura nagusi hura alde batera utzirik.
Bi bide horiek berritu egin dira, eta horri esker, zailtasunik gabe egin daitezke biak. Era horretan, erlijio, kultur nahiz natura aldetik interes handikoak diren paraje ugari uztartzen dituzte. Bi ibilbideak egoki seinalizatuak daude, eta berez, ez da arazorik izango bideari jarraitzeko, eta bata nahiz bestea, errepideetatik edo trafiko motorduna duten bideetatik urrun doaz. Mendiko bizikletarentzat ere egokiak dira, eta pedalei emateko hain egokiak ez diren tarteetan bide alternatibo batzuk gomendatuko dira. Azkenik, aipatu beharra dago, gure inguruan ditugun beste bide batzuei esker – adibidez, Arditurriko Bide Berdeari esker -, bi ibilbide horietako batetik bestera igaro gaitezkeela etea gehien komeni zaigun ibilbidea hautatu.