Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Albaola Itsas Kultur Faktoriaren irekiera eta zuzeneko zaharberritze proiektu berriaren aurkezpena

Albaolak ontziola-museoko ateak irekiko ditu berriro, Ozentziyo zaharberritze-proiektu gisa jendaurrean aurkeztuz, eta horrela, euskal itsas ondarea babesteko duen konpromisoa sendotzeko helburuarekin.

Albaola Itsas Kultur Faktoriak, berriro irekiko ditu ateak urtarrilaren 30ean, ostiralez, lan eta eraldaketarako denbora bat hartu ondoren. Fase berri honetan, Ozentziyo izango da proiektu nagusia. Irekiera honek etapa berri bati emango dio hasiera, ontziola-museoak bere ondare bokazioa eta euskal itsas ondarea babestu, balioan jarri eta transmititzeko duen konpromisoa sendotzen dituen honetan.

Orain arte Faktorian San Juanak hartzen zuen espazioan, Ozentziyo atunontzia kokatuko da, Donostiako portuko azken egurrezko arrantza-ontzi tradizionala. Hau, xaxiango teknikaren azken ordezkaria ere bada. Albaolak 2015ean salbatu zuen, desegiteko zorian zegoenean. Ozentziyok, bere kroskoan, kostako arrantza eta portu-ekosistemarekin estuki lotutako eta belaunaldiz belaunaldi arrantzaleek metatutako ezagutza tekniko eta soziala gordetzen du. Zaharberritze integral hau eta honekin batera aurkeztuko den erakusketak itsasoarekiko harreman mota bat ulertzeko aukera emango du, baita kostaldeko baxurako arrantzaren unibertsoan murgiltzeko aukera ere.

Ozentzio-8454
Berrirekiera honen harira, gaur, 2026ko urtarrilaren 29an, 12:00etan, Albaolak prentsaurrekoa egin du, erakundeetako eta portu nahiz kultura arloko ordezkarien partaidetzarekin. Honako hauek hartu dute hitza: Xabier Agote, Albaolako presidentea; Teo Alberro, Pasaiako alkatea; Iñigo Puerta, armadore ohiaren anaia; Izaskun Goñi, Pasaiako Portu Agintaritzako lehendakaria; Amaia Barredo, Eusko Jaurlaritzako Elikadura, Landa Garapena, Nekazaritza eta Arrantza sailburua; eta Eider Mendoza, Gipuzkoako Diputatu Nagusia.

Aipamen berezia izan dute gaur prentsaurrekoan egon ez diren arren proiektu hau erabakigarri babestu duten bidaide pribatuak. Zentzu horretan, Irizar-en konpromisoa azpimarratu da; hasieratik irmo inplikatu baita, eta haren esku-hartzea funtsezkoa izan zen ontzia desegitetik salbatzeko. Era berean, zaharberritze integralaren etapa berri honetan, County Hall Arts fundazio britainiarraren parte-hartzea nabarmendu da, kulturarekin, artearekin eta ondarearekin lotutako ekimenak babesten baititu. Donostiako portuan itsasontzi tradizionalen faltaz jabeturik, fundazioak Albaolaren eta Ozentziyo-ren zaharberritze proiektuaren aldeko apustua egin du.

Ozentziyo zaharberritzen

Aipatu behar da, Finanzauto-ren bidez gauzatu den itsas industriaren sektorearen babesa. Bereziki aipagarria da konpainia horren inplikazioa, izan ere, Ozentziyo atunontziaren jatorrizko Caterpillar markako motorra enpresa berbeak hornitua izan zen.

Faktoriaren etapa berri hau San Juanaren botaduraren ondoren iritxi da. Ontziak lehorrerako eraikuntza fasea amaitu du eta uretako etapa berri bati ekin dio. Gaur egun, Pasaia badian dago, portu eremuan, jendaurrean bisitagarri bihurtu aurreko azken fasean, nabigagarritasuna ahalbidetuko duen ekipamendu osoan zentratuta. Aldi berean, Faktorian jendaurrean San Juan baleontziaren funtsezko elementuak lantzen jarraitzen da: mastak eta kabiak, esaterako. San Juanaren eta haren historiaren inguruko erakusketak ere irekita jarraituko du. Beraz, San Juanaren eta Ozentziyoren arteko elkarbizitza ez da lekukotza bat, baizik eta jarraipena. Bi proiektuek, testuinguru historiko ezberdinetatik abiatuta, helburu berdina dute: euskal itsas ondarea babestea, lanbide tradizionalak bizirik mantentzea eta herritarrekin iraganarekin, orainarekin eta etorkizunarekin lotutako ezagutza partekatzea.

Lan eta eraldaketa prozesuaren ondoren, Albaolak ofizialki irekiko ditu ateak berriro urtarrilaren 30ean, ostiralez. Gune kulturala izaten jarraituko du, publiko ororentzat egokitua, eta bereziki haur eta eskola zentroetarako edukiz hornitua. Jolas-orriak eta ariketa koadernoen bidez, bi pertsonaia narratiboren gidaritzapean: TXO, mikmak indiarren ordezkari txikia, eta Txistu, Ozentziyoren bidelagun. Honekin ikuspegi ludiko eta parte-hartzailea eskaintzen da erakusketen edukietara hurbiltzeko. Horrek familiak espazioa elkarrekin esploratzera eta aurkezten diren kontakizun historiko eta kultural nagusiak deskubritzera gonbidatzen ditu.

Data horretatik aurrera, museoa bere ohiko ordutegian bisitatu ahal izango da: astearte eta igandeetan, 10:00etatik 14:00etara; asteazkenetik larunbatera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 18:00etara; eta astelehenetan itxita egongo da, jaiegunetan eta bezperatan izan ezik. Sarrerak eta erreserbak aurrez egin ahal izango dira webgune honen bidez:

www.albaola.org