Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Erakusketa berriak Jantziaren Zentroan

M/Boda ezkongai jantzia 150 urtetan zehar

Jantziaren Zentroak bihar zabalduko du 2024-2025 erakusketa iraunkorra. Bi solairutan, bi proposamen ezberdin ikusteko aukera eskaintzen digute oraingoan.

M/Boda izeneko erakusketan, 16 ezkongai-jantziren bidez emakumezkoek ezkontzarako erabili duten jantziaren 150 urteko bilakaera ezagutuko dugu.

Areto nagusian 13 ezkontza-jantzi, guztiak zuriak edo beix kolorekoak. 1840-1988 urte artekoak dira. Jatorriari dagokionez, bat Donostiakoa da, 1958 urtekoa hain zuzen ere, gainerakoak Frantzia, Kanada, Estatu Batuak, Erresuma Batua, Italia eta Espainia.

M-Boda 1

1880-1920ra bitartean emakumeek ezkontza soinekorako kolore beltza erabili zuten, bi arrazoi tarteko. Bata, dolua, bestea, sen ona. Garai honetan jantzi gutxi zituzten eta probetxua ateratzen zieten hamaika bider jantzita.

Aretoaren kanpoaldean garai horretako hiru ezkontza jantzi beltz. Guztiak Euskal Herrikoak dira, Jantziaren Zentroak dohaintzan jasotakoak, Gasteiz, Leitza eta Ordiziako jantziak.

Bi mendetako modaren bilakaera

Bigarren solairuko erakusketa XVIII. mendean abiatzen da, eta 1960 urtean amaitu. 20 jantzi dira, modak historian izan duen garapena eta aldaketa ikus dezakegu aretoan. Ikusgai dauden jantzien artean, kalerako erabilitako bi jantzi berezi aipatu daitezke, bata "bisita" izenekoa Manilako mantoiaren antzerako oihalarekin egindako jantzia, bestea, operara joateko berokia.

Historikoa 1

Aretotik ateratzerakoan eta bisitari amaiera emanez, Cristobal Balenciagaren Eisa etxeko 50-60 hamarkadetako sei jantzi eta hainbat buruko ikus ditzakegu.

Belle Époque

Jantziaren Zentroaren Udako proposamen berriak Belle Époque garaira garamatza. XIX. mende amaieratik Lehen Mundu Gerra arteko urteak dira, garai honetan klase sozial berria sortu zen, burgesia, honek aisia eta entretenimendua sustatu zituen. Erakusketan gauez zein egunez emakumezkoek erabiltzen zuten janzkera ezagutuko dugu, propio sortu diren errepliken bidez.

Gauez,1887. ko uztailean zabaldu zen Donostiako Kasino Handiko festa batean murgilduko gara. Zortzi emakume jantziren erreplikak dira, guztiak lurreraino iristen diren gona luzeak dituzte, amaitzear den estilo edo moda baten azken urteak dira.

Belle-Époque 1

Egunez, emakumeak kirola praktikatzen hasi ziren. Erresuma Batuan sortu ziren kirol gehienak eta horietarako erabili beharreko jantziak. Zaldiketa, ziklismoa, automobilgintza, tenisa eta itsas-bainurako erabiltzen zituzten bloomer galtzak, amazona jantzia, zein 1860 hamarkadan bainurako sortutakoa. Jantziez gain, erakusketarako, testuak sortu dira emakumeak kirol horiek praktikatzeko izan zituzten zailtasunen berri emanaz.

Belle Époque erakusketa Kapitain-etxearen sarreran doan ikus daiteke urriaren 27 ra bitarte.

Udan bisita gidatuak

Jantziaren Zentroak Udan bi bisita berezi eskainiko ditu, 7 euroren truke ( pentsiodunak 6 euro).

Lehenean, Lola Horcajo historialariak Donostiako Belle-Epoque garaia azalduko du. Bisita uztailaren 13, larunbata, arratsaldeko 18.00etan izango da.

Bigarrenean, Jantziaren Zentroaren erakusketa iraunkorrera bisita egiteko aukera eskaintzen da. Uztailaren 14 eta abuztuaren 25ean, bi egunetan 12.00etan.

Bisita horietan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da, sarrera kopurua mugatua baita, jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzi ala Errenteriako turismo bulegora deituta 943- 49 45 21.