Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Santa Isabel Gaztelua

Santa Isabel gaztelua Pasai Donibanen dago. Pasaiako portua babesteko 1621ean eraiki zen gotorlekua da.

Santa Isabelen gotorlekua eraikitzen hasi zenean, lursail berean errota zaharra (Churrutella-errota) zegoen. Hori 1450ean eraiki zuten Hondarribiako udalerriak utzitako lursailean. Gaur egun hondarrak besterik geratzen ez badira ere, baina Carlos I enperadorearen aginduz eraiki zen gaztelua, portua atzerriko guda-itsasontzietatik edo pirata-itsasontzietatik babesteko, herritik hurbil mugitzen baitziren. Halaber, berak agindu zuen orain dela gutxira arte San Pedron izan den dorrea eraikitzea. Lehenengo hori altxa zen eta Santa Isabelen gaztelua Felipe IV.aren garaian amaitu zen. Gazteluak kanoiak zituen portuaren bokalerantz begira eta portuaren muga zeharkatzera ausartzen ziren inbaditzaileak mehatxatzen zituen.

Suek oso ondo defendatu eta bideratzen zuten portuaren sarrera, baina ezin zituzten babestu bertan gorde nahi izaten zuten itsasontziak, bertaraino jarraituak izan baitzitezkeen, Arando Handiak (Pasai Donibanen) eta Arando Txikiak (San Pedron) artilleriaren erasotik babestu ahal zituzten arte.

Santa Isabelen gotorlekua ia ezin zitekeen eraso itsasoz, baina lehorrez nahiz eta erasoa txikia izan, ezin zezakeen ezerk defenda. Hala, 1638an Conde printzearen tropak Jaizkibel menditik jaitsi ziren eta Santa Isabel gaztelua oso erraz menderatu zuten.

Gotorlekuak bere zereginak egiteari 1867an utzi zion. Porturako sarreraren ubidea hobetzeko, XX. mendearen lehenengo erdian egindako lanetan artilleriako plataforma suntsitu egin zuten eta gotorlekuari elementu nagusia kendu zioten.

Santa Isabel gazteluaren edo gotorlekuaren zenbait hondar ondo kontserbatu da eta mendiaren kontra moztuta ageri dira, are gehiago, zimenduak arrokan murgilduta daude. Gotorlekuaren itxura galdu du eta gaur horma sendoak besterik ez daude. Hareharri-harlanduzkoak dira. Gutxi gorabehera bi metroko zabalera dute. Gainera, dorre isolaturen bat ere ageri da. Hormak erabat itsuak dira eta toki batzuetan oso altuak dira. Gotorlekuaren barruan etxebizitza partikularra eraiki da.

Bonantzako Kristoren Basilika

Bonantzako Kristo Sainduaren Basilika Pasai Donibaneko lehenengo parrokia izan zen XIV. mendean eta Erriberako San Juani kultua eskaintzeko egin zen. Parrokia berria egin zenean, Santa Isabeli eskaini zitzaion, sute batek suntsitu zuen arte. Ez zen hondarrik gelditu. Garai horretan nagusiki Santa Isabel gazteluko soldadu-taldearen zerbitzu erlijiosoei erantzuteko erabiltzen zen. Horren ordez 1738an egungo Bonantzako Kristo Sainduaren Basilika eraiki zen. Bertako guztien dohaintzekin egin zen. Atzerrian finkaturikoek ere (Peru, Manila, Venezuela, etab.etan zeudenek) beren ekarpenak egin zituzten. Zehaztasun bitxia da bisigu-ontziena. Arrantzaren zati bat eliza eraikitzeari eskaintzen zioten.

Kapitainek eta tripulazioek diru-bilketak antolatzen zituzten mantentzeko. Itsasontziak sartu eta irteten zirenean, mezak eskaintzen ziren. Beren gizonentzat enkargatzen zituzten nabigazio zoriontsuarengatik esker onak emateko edo bidaian Kristo Sainduaren babesa eskatzeko.

Elizak nabe bakarra du eta oinplanoa angeluzuzena da. Oinarrian bi koro mailakatu ditu eta oso itxura ederra dute. Bigarrenaren gainean leiho zirkular zabalak barrura argia sartzen uzten, du alboetan dauden hiru leihorekin batera. Gainera, sakristiaren gainean beste bat dago. Hesi apartak arkuaren zabalera eta altuera guztia estaltzen du. Aipatu arkua lehenengo koroa eusteko erabiltzen da. Lezoko Kristo Sainduaren Basilikan ikus daitekeena gogoratzen du. Matias Lozano Hondarribitarrak egin zuen. Elizak, pilastrez berezitako lau tarte ditu. Kutxa gainjarrien itxura dute eta pilastra zabalagoan nahiz zutabe-sekzioan egokitzen dira. Bertan oinarritzen dira  parpain-arkuak, tolareak eta gangetako gurutzadurak. Erpinak leuntzeko kurbadurak erabiltzen dira. Luzeran tarterik handiena koroarena eta gurutzadurarena da. Ganga batekin ixten da petxinaren gainean. Apaintzeko, moldura finak erabiltzen dira eta Pasai Donibaneko armarria dago. Ertz-gangak dira eta harrizko ildaskak nahiz giltzarria dute. Harria itsasoz garraiatu zen elizaraino.

Portada nagusiari berezitasuna ematen dion elementu bakarra eranskin txikia edo harrizko kanpai-gorputza da. Oinplano laukia du eta alde batean altxatzen da. Hutsuneak eta karelak harriz balaustratuta daude, eta xapitelak edo akrotera eta bola duen orratz xelebreak amaitzen ditu. Barruan, bertaraino iristeko eskailerak harrizkoak eta kiribilak dira. Horiei esker, kororaino irits daiteke. Argiztatzeko bost gezileiho txiki daude. Eliza osoak kantoiak eta erlaitzak harriz estaltzen ditu eta zokalo txikiaren gainean daude. Zokaloa material berdinez egina dago. Teilatuak lau isurialde ditu. Kapitelek eta harroinek dituzten hutsune eta irtenguneen lan ederra azpimarra daiteke. Gangak ere ezin hobeki eginak daude eta moldurak oso finak dira. Zehaztasun horiei guztiei erreparatuz, eskulana oso aditua izan zen. Denboraren poderioz, kultua alde batera utzi eta traineruak gordetzeko erabili zen. Horregatik, duintasunaren zati bat galdu du.

Elizaren mendebaldeko fatxadan "Lintxua" izeneko atea dago. Eguraldi txarra egiten zuen egunetan arrantza-ontzien edo merkantzi-ontzien zain zeudenek babesteko erabiltzen zuten. Itsasontzi-mota desberdinak adierazten dituen zenbait ebaki edo taila ditu. Silueta gehienak XVIII. mendekoak dira, baina XIX. mendekoak ere badaude.

Aldare nagusiko erretaula barroko zuhurra da. Aldare nagusiaren erdian azpimarratzekoa da Bonantzako Kristo Saindua. Ilearengatik ingelesa dela esan daiteke. Jeronimo Larrearen lana (XVII. mendea) izan daiteke. Alboetako irudiek nazarenoa eta zigortzea adierazten dute. Presbiterioaren arkuaren bi alboetan azpimarratzekoak dira hegan egin nahi duten bi aingeru polikromatuak.

Beste askotan gertatzen den bezala, kondairak irudi sakratu hau gailendu du. Bada denbora herritarren artean hurrengo tradizioaren sinesmena dagoela: arrantzale batzuk Kristo hau itsasoan flotatzen aurkitu zutela. Garai hartako jendeak zuen fedearekin, irudia bildu eta Bonantzako elizan jarri zuten. Harrezkero, kultua eskaini zioten ez bakarrik Pasai Donibaneko herritarrek, baita merkatari itsasontzietako, guda-itsasontzietako tripulazioek eta kortsarioek ere. Kristo horren omenez dohaintzak eta mezak eskaintzen ziren.

Santiago Plaza Pasai Donibanen

Badiako uren ertzean kokaturiko aulki bizkardunean eseriz gero multzoa orokorrean begiratu ahal izango dugu. Itsas plaza tipikoa da, oinplano angeluzuzena du eta alde luze batetik itsasora irekita dago.

Plaza itsasoaren aurrean kokatuta dago eta etxe estu eta luzeen lerroa ageri da. Erdian udaletxea izandako antzinako eraikina dago. Plazaren bi aldeak mugatzen bertan amaitzen den kalearen etxeetako fatxadak daude. Bat harlanduzkoa da eta pilotaleku modura erabiltzen da. Besteak leiho txikiak ditu.

Plazaren egiazko fatxada itsas eta herri-arkitekturako etxeek osatzen dute. Etxeek hiru, lau eta bost solairu izan ditzakete eta fatxada guztia betetzen duten balkoi luzeak dituzte. Normalean barandak egurrezkoak izaten dira eta, arotzeria guztiaren antzera, kolore desberdinez margotuta daude. Ezaugarririk nabarmenena etxebizitza-moten aniztasuna da. Tarte bakarreko eskailera aldapatsuak solairu bakoitza mendiraino darama. Atzean lehenengo hiru solairuak ia mendian sartuta daude. Bestalde, beste ezaugarri berezia estalkien forma da. Bi isurialde dituzte estalkiek, eta gailurra fatxadarekiko elkarzut ageri da, ohikoena aurkakoa denean. Plaza hau zabalgune bakarra da, kale zaharrean zehar ibilbidea egin ondoren.

Egiaz kolorez betetako toki pintoreskoa da. Guztiak estilo herritarra du. Eguzkiak goitik bere izpiak botatzen dituenean, plazak, katilu distiratsu balitz hartzen ditu, itzalik gabe eta argiz beteak. Gaua izanez gero, itsas espirituak plaza honen gainean lo egiten du. San Juan eta Santiagoko festak iristen direnean, zalapartak, oihuak, musikak eta dantzari gazteek alaitasunez betetzen dute plaza, leiho eta balkoietan oihartzun egin ostean poztasuna itsasoan zehar zabalduz.

Pasaiko Udaletxe zaharra

1770. urteko errege-akordioaren ondoren, Pasaiak bere udala izan zuen eskubide osoz. Horrek oraindik indarrean dirau. Hala, Hondarribiak izandako administrazio-agintaritza alde batera utzi zuen eta, era berean, "Hondarribiaren aldekoa" edo "Frantziaren aldekoa" izateari utzi zion. Mende askotan izen hori izan arren, Pasaiako herria izatera pasa zen.

Geroago, 1805eko ekainaren 1ean, Pasai San Pedro Pasai Donibanerekin elkartu zen, eta gauza bera egin zuen Antxok XX. mendearen hasieran. Horrela, hiru Pasaiek, Trintxerperekin batera, udal bakarra eratu zuten eta egun lau barruti ditu. Administrazioa eta burua Pasai Donibanen daude.

Pasai Donibanen Santiagoko itsas plazak etxeen lerrokadura du eta erdian antzinako udalaren egoitza edo eraikina dago. 1735ekoa da eta estilo barrokoa du. Horma bitartekoa da, oinplano angeluzuzena du eta estalkiak bi isurialde ditu. Gailurra fatxadarekiko paraleloa da. Eraikin-mota honek ez dio oso-osorik euskal udaletxeen estiloari jarraitzen, arku handiak baitituzte hauek.

José de Lizardi eta Juan Bautista de Inchaurrandiaga lankidetzan aritu ziren Pasai Donibaneko udaletxe berria eraikitzeko hargintza tasatzeko orduan. Halaber, trazadura Jose de Lizardiri egotzi behar zaio. Ez dago argi oinplano berriko eraikuntza den ala berreraikuntza den. Ez da eraikin exentua. Plazara begira dauden bi etxeen artean ahokatua dago. Fatxada triangelu estu eta altua da, eta lau solairu ditu. Harlanduzko aparailua du eta, horrek, inguratzen duten etxeetatik nabarmentzen du. Udaletxearen berezitasuna honakoa da: leiho eta balkoi zabalak ditu (hirugarren solairukoak eraikinaren zabalera guztia hartzen du), Lizardik diseinatutakoekin kontrajarriaz.

Fatxada harlanduzkoa da. Beheko solairuan erdian atea du eta bi leiho hesitu alboetan. Tarteko oinak du eta hutsuneek proportzio bitxiak dituzte. Oin nagusian balkoi luze tipikoa ikus daiteke. Barandak burdin forjatuzkoak dira eta harrizko mentsulek eusten dute. Azkeneko oina herriko armarriak gailentzen du eta bi aldeetan balkoi irtenak daude.

Santa Ana Ermita

Santa Anaren ermita Pasai Donibanen dago. Kokapenari erreparatuz -altu batean dago- porturako eta badiarako sarrerak zaintzen ditu. Jatorriari buruz datu asko ez izan arren, 1758. urtean eraiki zen.

Eraikin erlijioso xumea da. Oinplano angeluzuzena du eta nabe bakarrekoa da. Koroa oinetan agertzen da eta Gipuzkoako eliza askoren eredua jarraitzen du. Sakristia pieza txikia da eta oinplanoari erantsia dago buruaren ezkerraldean. Sarrera nagusia koroaren azpian dago eta erdi-puntuko arkuak eratzen du. Beste sarbidea hegoaldeko fatxadaren erdian irekitzen da. Fatxada horrek argiztatzen du eliza hiru leiho angeluzuzenen bidez.

Erretaularen erdian Santa Anaren eta Amabirjinaren irudiak daude. Gauzatu zen moduagatik, antzinatasunarengatik eta polikromiarengatik erretaula aparta da. Irudia Flandesen erosi zen 1573an eta itsasoz ekarri zuten Pasaiaraino.

Eraikinak eskema bakuna du eta azalerak soilak dira. Kontserbazio-egoera onargarria da. Mendian dago, terraza zabal baten gainean jarrita, eta horrek berezitasuna ematen dio. Bertatik portuaren eta itsasoaren mugimendu guztiak ikus daitezke.

Gaur egun ubidearen ahoan itsasontziak lerrokatzeko, praktikoek, pilotuek eta marinelek ermitaren dorretxoa erabiltzen dute. Urtero titularraren jaia (Santa Ana eguna) uztailaren 26an egiten da. Ermitan meza nagusia entzun ostean, salda banatzen zaie bertaratutakoei.

modulo eus