Urtero legez, Aiako Harria natura-parkean, Errenterian dagoen Listorretako aisiagunea ezagutzera emateko eta balioztatzeko hainbat jarduera berezi antolatu ditu Gipuzkoako Parketxe Sareak, Errenteriako Udalarekin elkarlanean.
Uztailaren 16an, larunbatarekin, izango da lehen saioa , saguzarren mundu harrigarria hurbiletik ezagutzeko aukera izango dugu Ane Caro adituaren eskutik. Oinarrizko azalpenak emateaz gain, detektagailu berezi batzuk erabiliz, entzuteko aukera izango da eta ingurunea adi behatuz gero ikusteko ere. Saguzarrak, gure inguruan bizi diren ugaztun hegalari ezezagunak dira; saio honen bitartez, ingurunean daukaten garrantzi ekologikoaz ohartuko gara. Euskaraz eta gaztelaniaz izango dira.
Abuztuaren 13an, larunbatarekin, "Iparra galdu gabe" orientazio-jolasa antolatuko da familientzat. Pista jolasaren bitartez, ingurunea behatzeko ohitura hartuko dute, ondo pasatzen duten bitartean.
Abuztuaren 15 eta 27an aldiz, Aiako Harria Parke Naturala ezagutzeko ekintza bat antolatu da, Listorretatik hasita parkearen altxorretako batzuk gertutik ezagutzeko aukera izango dugu ibilaldi motz baten bidez.
Jarduera guztietan, nahitaezkoa da aurrez izena ematea:
Madalen kalea 3. 20100 Errenteria
0034 943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus