Azaroaren 16tik urtarrilaren 6ra bitarte, Jantziaren Zentroan, Errenterian.
Iraultza Dantza taldeak urtero Gabon jaietan egin ohi duen baserritar jantzien erakusketak asteburuan zabalduko ditu ateak.
Duela ehun urte gure baserritarrek soinean eramaten zuten jantzia ezagutzeko aukera du Jantziaren Zentrora hurbiltzen den orok azaroaren 16 tik urtarrilaren 6ra bitarte.
Kapitain-etxearen behe solairuan kokatutako erakusketak aretoko bi paretak hartzen ditu. Orotara 15 jantzi dira, 12 emakumezkoenak eta hiru gizonezkoenak. Guztiak XIX garren mendearen amaiera eta XX. mendearen hasierako jantzi originalen zein argazkien kopiak dira. Jatorriari dagokionez; Gipuzkoa, Bizkaia, Nafarroa, eta Lapurdiko jantziak dira. Zehazki: Hondarribia, Legazpi, Donostia, Bilbo, Atarrabia, Beasain zein Azkoitiko jantziak ikus daitezke.
Jantziekin batera erakusketan argazkiak ikus daitezke. Eulalia Abaitua (Bilbo, 1853/Bilbo 1943) argazkilari bilbotarrak duela ehun urte baino gehiago Euskal Herriko baserritarrei ateratako irudiak dira gehientsuenak. Abaituak bi milatik gora argazki atera zituen, gehientsuenak Euskal Herriko herritar, tradizio eta jaietan egindakoak dira. Bilduma Bilboko Euskal Museoaren esku dago gaur egun.
Erakusketarako sarrera doan da eta ordutegiari dagokionez asteburu eta jai egunetan egongo da zabalik, larunbatetan 11:00-14:00/17:00-20:00etara eta igande eta jai egunetan 12:00-14:00 etara.
San Tomas egunean ere Jantziaren Zentroak ateak zabalik izango ditu ohiko ordutegian. Goizean 11:00-14.00 ak bitarte, eta arratsaldean 17:00-20:00 ak arte.
Madalen kalea 3. 20100 Errenteria
0034 943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus