Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Galdu ezinezko doako bisita gidatuak antolatu dira Errenteriako ingurune naturalean

  ARG Aizpitarte

Guztira doako lau bisita gidatu eskainiko dira Aiako Harria Parke Naturalean eta Lau Haizeta parkean.

 

Errenteriako Listorreta-Barrengoloia guneak berriro abian jarriko du aurten Giden Zerbitzu Ofiziala.

Abuztuko bigarren asteburutik aurrera, Aiako Harria Parke Naturalean kokatutako eremu horretako ondare naturala eta kulturala ezagutu ahal izango dira giden zerbitzu espezializatu baten bitartez.

Añarbeko basoaren erreserba ezagutzeko lau orduko bisita gidatua da eskaintzen den ibilbideetako bat. Idoian (Susperregi) abiatuko da txangoa eta inguruko bistez gozatzeaz gain, Malbazargo eta Pagosardeko hezeguneetan bizi den faunaren berezitasunak ezagutuko ditu bisitariak. Hala, pagadietan barneratzeko eta hango biodibertsitatea ezagutzeko aukera eskainiko du bideak.

Beste aukeretako bat da Aizpitarteko kobazuloetako aztarna paleolitikoak ezagutzea, gutxi gorabehera 1:30 orduko iraupena duen bisita burututa. Euskal Herrian aurkitutako Goi Paleolito garaiko lehendabiziko aztarnategi honetan, hainbat fosil aurkitu dira, hala nola hartzenak, bisonteenak, otsoenak, oreinenak, elur-oreinenak eta errinozeroenak. Era berean, kobazuloetan bizitako antzinako ehiztariek egindako lantzak eta harrizko aizkorak ere agertu dira. Bisita honek dimentsio berri bat hartu du gaur egun; izan ere, kobazuloetarako sarbidea mugatuta dago berriki egindako Paleolito garaiko horma-artearen aurkikuntzak babesteko. Izan ere, aurkitutako grabatuak apartekoak dira antzinatasunari, teknikari eta kontserbazioari dagokionez.

Beste bisita bati esker Lau Haizeta Parkea eta hango monumentu megalitikoak ezagutu ahal izango ditugu. 600 hektareako babestutako eremu honetan Txoritokietako estazio megalitikoa bisitatuko dugu eta gure arbasoek eraikitako hainbat hileta-monumenturen arrastoak ezagutuko ditugu: trikuharriak eta tumuluak. Aldi berean, San Markoko eta Txoritokietako gotorleku militarren inguruan dauden basoetan eta hezeguneetan ere barneratuko gara.

Azkenik, Aldura, Pertxel eta Igantzi mendietako bazterrak zeharkatuko dituen bisita gidatua egiteko aukera izango dugu. Idoiatik (Susperregi) abiatuta, Aiako Harriko Parkearen eta KBEaren (Natura 2000 Sarea) barnean aurkitzen diren hiru mendi horien inguruneak eskaintzen dituen bista panoramikoez gozatu ahal izango dugu. Ildo horretan, Añarbeko urtegiko bistez gain, gune hauek ere ezagutu ahal izango dira: Aldurako elurtegia, basoaren zaharberritze lanak, anfibioak babesteko sortutako ur putzuak eta inguruko hegaztien biodibertsitateari buruzko bitxikeriak.

Bisita gidatuak urrira arte antolatu dira eta doakoak izango dira. Guztiak 10:00etan abiatuko dira, baina egutegi eta abiapuntu desberdinak izango dituzte, aukeratutako bisitaren arabera:

Lau Haizeta Parkea eta Txoritokietako Estazio Megalitikoa. Abuztuak 6, irailak 4 urriak 1. Abiapuntua: San Marko Gotorlekua. Iraupena: 3 ordu.
Aizpitarteko kobazuloetako aztarna paleolitikoak. Abuztuak 14, irailak 10 eta urriak 9. Abiapuntua: Listorreta-Barrengoloiako Parke Naturaleko Bulegoa. Iraupena: 1:30 ordu.
Añarbeko Baso Erreserba: Abuztuak 20, irailak 18 eta urriak 15. Abiapuntua: Idoia, Susperregi jatetxearen aparkalekua. Iraupena: 4 ordu.
Aldura, Pertsele eta Igantzi mendietako ingurunea: Abuztuak 28, irailak 24 eta urriak 23. Abiapuntua: Idoia, Susperregi jatetxearen aparkalekua. Iraupena: 4 ordu.

Ibilbide gidatu hauek burutzeko beharrezkoa da aldez aurretik erreserbatzea Errenteriako Turismo Bulegora zuzenduta:

Errenteriako Turismo Bulegoa
Madalen Kalea, 3
943494 521
turismoa@oarsoaldea.eus

Ikusi kartela

Oarsoaldea

Errenteriako Turismo Bulegoa

Madalen kalea 3. 20100 Errenteria
0034 943 494 521

Laguntzaileak

 

Euskadi basque country Eusko Jauralitza - Gobierno Vasco

 

Gipuzkoa Turismoa

Kontatu zure esperientzia eta web orrian jarriko dugu