Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Lihoa landaretik oihal izaterainoko prozesua ezagutzeko aukera Errenteriako Jantziaren Zentroan

"Lihoa berreskuratuz" izeneko erakusketak apirilaren 6an, zabalduko ditu ateak eta bi hilabetez, ekainaren 2ra arte, doan ikusteko aukera izango da Errenteriako Jantziaren Zentroan, asteburu eta jai egunetan.

Aran Garmendia Rekalde Errenteriako baserritar eta "Mundu bat ereiten" elkarteko ordezkariaren lanaren fruitua da erakusketa. Duela urtebete abian jarri zuen lihoa erein eta oihal bihurtu arteko prozesuaren ezagutza eta lanketa.

Erakusketa 3

Erakusketak bi zati ditu, batean, lihoaren prozesu osoa ikus daiteke landare izatetik oihal bihurtzerainoko pausuak eta horiek emateko erabiltzen ziren tresnak.
Bestean, liho oihalaren emaitza jantzigintzan ikus dezakegu. Bi garai edo estilo ikus daitezke; antzinako diseinuak Olga Uribe durangarraren eskutik. Irazki-hari baxua eta altua lantzen ditu, 2009 garren urtean euskal ehungintza tradizionalaren inguruko ikerketa lana egin zuen eta ordudanik, antzinako diseinu eta marrazkien kopiak egiten espezializatu da.

Erakusketa 1

Diseinu modernoak Amarenak egitasmoaren ordezkari den Oihane Pardoren eskutik. Hiru jantzi erakusgai daude; Lapurdin ekoiztutako lihoaz egindako kaikua, eta arreoetarako emakumeek egiten zituzten brodatuen kopia digitalizatuak dituzten soineko eta kimonoa. Amarenak egitasmoak euskal kulturako jantzi eta elementuak modernizatzea du helburu.

Erakusketa 2

Lihoaren historia

Gizakiak nomada izateari utzi zionean Neolito garaian, nekazaritza lantzen hastearekin batera hasi zen lihoa ereiten. Euskal Herrian, XVI-XVII mendeetan balearen eta metalaren industriarekin batera lihoaren ekoizpena goi mailako merkataritza bihurtu zen. Emakumeentzat ogi-bide izatera iritsi zen.

Neskatoek 11-12 urte zituztenean, hilekoa etortzearekin batera, lur sail txiki bat jasotzen zuten lihoa erein zezaten. Euren lanetik eskuratzen zuten oihalarekin ezkontza egunerako arreoa osatzen zuten.

Lihoaren prozesua

Lihoa urtean birritan ereiten da. Neguko uzta San Lino egunez, irailaren 23an ereiten da, eta uzta maiatza aldera jasotzen da, Udaberrikoa, berriz, martxoan erein eta ekainean biltzen da.

Behin uzta jasota, bataz beste hamabost egunez beratu egiten da, bakterio batek lasto eta zuntza banatzea ekarriko du, ondoren, orraztu, harilkatu, eta telarrean edo ehungailuan ehundu. Prozesu benetan luzea.

Lihoaren harilkatze lana herriko emakumeentzat elkartzeko, tertulian aritzeko aukera ematen zuen. Gauero, ilunabarrean, elkartzen ziren, elkarren berri, herriko gertakarien berri izateko aukera zen. Gizonezkoek debekatuta izaten zuten, emakumeak harilkatze lanean ari ziren bitartean, tarte horretan, elkartuta zeuden baserrian sartzea.
XVI-XVII garren mendeetan lihoarekin oihalak sortzen zituzten, gaur egun, bestelako erabilpenak ematen zaizkio liho zuntzari, esaterako, medikuntzan kirurgian puntuetarako erabiltzen dute, eta surf munduan taulak egiteko karbono zuntza ordezkatzen ari da.

Bi tailer

Kapitain-etxeko erakusketaz gain, lihoaren prozesua bertatik bertara ezagutzeko bi tailer antolatu dira.
Apirilaren 13an, 12:00 tan Aran Garmendiak lihoa ereiten irakatsiko digu euro baten truke. Errenteriako Lehendakari Agirre plazan (Lino), hamarkada luzetan liho fabrika zegoen leku berean, Udaberriko lihoa ereingo da.


Ekainaren lehenean, "Lihoa berreskuratuz" erakusketari amaiera emateko, uzta jaso osteko prozesu osoa ezagutu eta frogatzeko aukera izango da Jantziaren Zentroan 3 euro ordainduta.


Bi tailerretan parte hartu ahal izateko aurrez izena eman behar da jantziarenzentroa@errenteria.eus postara idatzita edo 600 081 906 telefonora deituta.

Oarsoaldea

Errenteriako Turismo Bulegoa

Madalen kalea 3. 20100 Errenteria
0034 943 494 521

Laguntzaileak

 

Euskadi basque country Eusko Jauralitza - Gobierno Vasco

 

Explore San Sebastian region

Kontatu zure esperientzia eta web orrian jarriko dugu