Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

ERRENTERIAKO TURISMO BULEGOA, HERRITARREN ETA BISITARIEN ZERBITZURA

Bisitarientzat zein errenteriarrentzat zabalik.

Dagoeneko badira hiruzpalau urte Errenteriako Turismo Bulego berriak bere ateak ireki zituela Madalen kaleko hirugarrenean, Erdi Aroko morfologia mantentzen duen Hirigune Historikoaren sarbideetako batean.

Ordutik, ehunka herrialdetatik etorritako milaka bisitari pasa dira Turismo Bulegotik gure herriko zein eskualdeko informazio eske. Baina ez dira kanpotik etorritako bisitariak soilik bulegora hurbiltzen direnak informazio bila, izan ere, gutxi gora behera, bertatik pasatzen diren bisitarien %40a Errenteriako bizilagunak dira.

Egia biribila da askotan gure inguruko txokoak baino hobeto ezagutzen ditugula munduaren bestaldeko bazterrak. Horren adierazle argia da, adibidez, errenteriar asko direla oraindik herriko hiru museoak (San Marko Gotorlekua, Jantziaren Zentroa eta Fanderiako Errota – Ibaiaren Etxea), edota udalerriko natur gune aberatsak ezagutzen ez dituztenak. Baina honek badu konponbide erraza: Errenteriako Turismo Bulegora hurbiltzera animatzen ditugu herritar guztiak, informazio guzti hau eta gehiagoren bila!

ETB EUS

 

Zein informazio eskuratu ahal izango du bertara hurbiltzen denak?

Errenteria, kultura oso aberatsa duen herri bizia da. Hau dela eta, Turismo Bulegoan, herrian antolatzen diren ehunka jarduerei buruzko informazio guztia dugu. Gainera uda sasoian udalerriko auzoetan zein herriko festetan antolatzen diren ekitaldien egitarauak ere eskuratu daitezke bertan. Bestalde, San Marko Gotorlekuari, Jantziaren Zentroari eta Fanderiako Errotari buruzko informazio guztia jasoko duzu, eta hauetan bisita gidatua egin nahi izanez gero, izena emateko aukera ere izango duzu, bertatik kudeatzen baititugu herriko museoetako erreserba guztiak.

Bestalde, Aizpitarteko haitzuloetan, Añarbeko Baso Erreserba eremuan eta Lau Haizeta parkean antolatzen diren bisita gidatuei buruzko informazioa jaso edota izen-emateko aukera ere izango duzu Turismo Bulegoan.

Hau guztia gutxi balitz, gure inguruetan dugun aisialdi eskaintza zabalari buruzko informazio osoa ere jaso ahal izango duzu bertan. Hala nola, Aiako Harria Parke Naturalari, Arditurriko Bide Berdeari, eskualdeko natur eremuetan egiteko ibilbideei, bisita gidatuei edota eskualdeko museoei buruzko informazio guztia dugu bertan.

Etor zaitez Errenteriako Turismo Bulegora, atsegin handiz lagunduko zaitugu.

ERRENTERIAKO TURISMO BULEGOA
Madalen, 3
20100 Errenteria
943 494 521
turismoa@oarsoaldea.eus