Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

“Pasaia, eden disdiratsu ttipi hau..."

1843. urtean, Victor Hugo Pasaiara etorri zenean, ezin zuen imajinatu berak ostatu hartu zuen etxea urte batzuk beranduago Victor Hugo etxea izenaz egingo zela ezaguna. Egun, etxe hau Turismo Bulegoa eta bere omenezko museoa bihurtu da.

 Pasaia eden distiratsua 

Euskadin irekita mantentzen den museorik zaharrena da eta idazlearen haren urratsak jarraituz datozen milaka turisten erromesaldi zentro bilakatu da. Pasaiari buruz zera idatzi zuen: Alegeratasunaren eta handitasunaren ezaugarri bikoitza duen orok bezalako leku atsegin eta liluragarri hau, ikusi dudan ederrenetarikoa den leku ezezagun hau eta ezein touriste-k bisitatzen ez duena, Suitzan balego mirestua eta Italian balego ospetsua izanen litzatekeen lehor-itsasoko leku apal hau, Gipuzkoan dagoelako ezezaguna, noraezean heldu eta non nintzen ez nekien Eden distiratsu ttipi hau.

Donostiatik etorri zen oinez Ulia mendian barrena,begia nihauren baitara itzulia eta zabalik. Gaur etorri balitz, Albaola Itsas Kultur Faktorian San Juan Galeoiaren eraikuntzarekin egingo luke topo, eta antzina Pasaiako portuan jarduera nagusietako bat zena egun oraindik bizirik mantentzen dela egiaztatuko luke, erriberako arotzeria alegia.

Bideari jarraituz, XIX. mendean batelera zaratatsuak topatu zituen puntu berean, badia zeharkatzen duen ontzia dabil gaur egun Victor Hugok ezagututako bi aldeak, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro, elkartuz. Ustekabean, liluran bezala, eta tramoiagilearen ziztua entzun gabe, dekoratua aldatu egin zen eta ikuskizun miragarri bat agertu zen ene aitzinean. Zeru distiratsu baten gainean, gailurrak nabarmentzen zituen mendi handi berdeen errezel bat; mendi hauen orpoan, etxe lerro bat hertsiki elkarganatua.

Ez ote da bakarra munduan historiak eta naturak, naturak daukan apainenaz eta historiak daukan hitsenaz elkar hartuta herriaren alde bana eraikitzen duten Pasaia gaur egun ere bai?

Beraz Hugo Donostiara itzuli zen bere gauzak jasotzera. Argi zeukan Pasaian geratu nahi zuela eta lotarako toki bat bilatzeari ekin zion. Behin ostatu hartuta, itsasora ematen duen bere gelako balkoitik, Mater Atunontzi tradizionala ikusiko luke gaur egun. Iragan oparo baten testigu, egun gure arrantzaleen teknikak erakusten dizkigun ur gaineko museoa da Mater.

Victor Hugok gourmet ospea zuen (edo gourmand hobeto esanda) eta tapaki berdeko bere mahaiaren gainean 9 plater ezberdin jan zitzakeen otordu bakarrean. Arrain freskoa, kalitatezko haragia, goiz hartan errekatxoan bildutako barazkiak, sasoiko frutak edota txokolate-krema bat. Izan ere, Pasaiak zuen kakaoaren monopolioa Europan. Zorionez, gaur egun ere ez luke ezer faltako, ondo ezaguna baita Pasaian jan eta edan ederki egiten dela.

Informazio gehiago:

Pasaiako turismo bulegoa – 943 341 556 –  turismoapasaia@oarsoaldea.eus

www.oarsoaldeaturismoa.eus

 

Victor Hugoren itzulpenak: ©Koldo Izagirrek Idi Orgaren karranka, Elkarlanean S.L. 2002