Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

10 plan Pasaiaz maitemintzeko

1. Pasaiako badia zeharkatu Lucretia belaontzian 

01 OSTARTE

Pasaiako badia 1927 urteko belaontzi klasiko batean ezagutu?

 Bai, Ostarte Sailing enpresari egin dezakezu, asteburu eta jai egunetan Lucretian 50 minutuko irteerak eskaintzen baitituzte. Belaontzi ikusgarri honetan nabigatuz Pasaiako portua zeharkatuko dugu, Pasai Donibane eta San Pedroko etxe-ilaren artean pasatuz, Jaizkibel eta Ulia mendien itsaslabarren panoramika zoragarriarekin topo egin eta Itsaso zabalera irten arte.

 Berehala nabarituko duzu Edgar eta Amoaitzen, Lucretiaren kapitainen pasioa. Izan ere, bi gazte hauek beraien ametsa bete zuten, 19,3 metro luze dituen holandar belaontzi eder hau errekuperatuz, 1927an teka, haritza eta kaoba egurrez eraikia.

 Gehiago jakin nahi baduzu, Lucretian itsasoratzeko gonbita egiten dizugu.

Lucretia belaontzian nabigatu

 

2. Donibane, xarmaz beteriko alde zaharra

02 PASAI DONIBANE

 

Pasai Donibaneko kale nagusian (Donibane kalean) barrena goazenean, beste garai batean gaudela irudituko zaigu XVI eta XVII. mendeko etxeen artean paseatuz, horien artean Victor Hugo etxea. Hirigune historiko honen berezitasun handiena etxeen azpian eratzen diren pasabideei dagokie, txoko eta bazter bitxiak sortuz, zirrikituetatik portura deskargatzera datozen itsasontzien joan-etorriak eta ondotik pasatzen diren traineru eta txalupa txikiak ikus daitezkelarik. Kale honek Santiago Plazara eramaten gaitu, itsasora begira dagoen plaza, arrantzale estiloko egurrezko balkoi koloretsuak dituzten etxe estu eta altuz osaturiko hilera batez osatuta. Hemen ospatzen dira Donibaneko jai guztiak.

Ezagutu Pasai Donibane eraikinak

 

3. Amarren ibilbidea

03 RUTA AMARRES

 

Pasaiako portuak ondare historiko handia du, izan ere jarduera handiko gune izan da beti, eta oraindik ere hala da. Mendeetan zehar Pasaitarrek ontziak amarratzeko itsasoaz babesturiko senadi ezberdinak bilatu dituzte, eta honetan oinarritzen da ibilbide hau, Pasai Donibane eta Pasai San Pedro artean banatzen diren zazpi amarre-puntuz osatuta. Gaur egun oharkabe pasako liratekeen antzina Pasai Donibane eta Pasai San Pedron erabiltzen ziren amarre puntu bitxietan zehar egindako bidaia da.

 Ibilbide hau egin ahal izateko, Pasaiako Turismo Bulegoan doako esku-orria hartzea eta errealitate areagotuaren bidez garai bateko amarreak birsortzen dituen Amarre Pasaia aplikazioa deskargatzea gomendatzen dugu.

Deskargatu hemen esku-orria pdf formatuan.

Aplikaziora esteka: https://play.google.com/store/apps/details?id=com.albaola.amarre

 

4. Motoran zeharkatu

04 MOTORA

 

Pasaiara bisita egiterakoan ezinbestekoa da Pasai San Pedro eta Pasai Donibane arteko bidea egiten dueen motoran igotzea. Badia lehorretik inguratu beharren, minutu batean itsasoz alde batetik bestera zeharkatzen duen etengabeko zerbitzua da, Itxaszerbi enpresak eskainita. Herritar, ibiltari, erromes eta bisitariak ilaran egoten dira txalupa berdearen zain.

Ohiko zerbitzu honez gain, Itxaszerbi enpresak zerbitzu ezberdinak eskaintzen ditu, hala nola badian zehar ibilaldiak taldeentzat edo Albaolara garraio zerbitzuak.

Itxaszerbi

 

 5. Pasai San Pedro hirigune historikoan paseoa

05 PASAI SAN PEDRO

 

Arrantza kaia eta lonjaz gain, Pasai San Pedrok hirigune historiko ederra du. Gure gomendioa ibilbidea San Pedroko XVII.mendeko elizatik hastea da eta Herriko plaza inguratuz hilerrira doazen eskailerak igotzea. Hemen erromaniko (XI.mendea) eta barroko estiloko (XV.mendea) eliza primitiboaren aztarnak aurkitzen dira, soilik portadak mantentzen diren arren. Egungo elizara itzuliz, harrizko galtzada duen San Pedroko kale estuan sartuko gara, etxe historikoez inguratua. Hauen artean Blas de Lezo almirantearen jaiotetxea aurkitzen da, XVIII.mendean armadako jenerala izandakoa eta bere ekintza heroikoak direla eta ezaguna. Etxearen kanpoaldean (ezin da barrutik bisitatu etxe pribatua delako) familiaren armarri bikaina aurkitzen da.

Kalearen azken zatian Torreatze plazara iritsiko gara, garai batean badia kontrolatzeko erabiltzen zen dorretik datorkio izena. Hemendik badiaren bokalera, Senokozuloa itsasargiraino eramango gaitu paseo atsegin batek.

Informazio gehiago Pasai San Pedrori buruz

 

6. Ulia ibilbidea, Donostiatik Pasaiara

06 RUTA ULIA

 

Orain proposatzen dizuegun plana egiteko trekking zapatilak jantziko ditugu, Ulia mendiaren bidez Donostia eta Pasaia lotzen duen 8km-ko kostaldeko bidea egiteko. Malda gutxiko bide erraza da, zuri eta gorriz seinalizatuta (GR121, Frantziako Bidart-etik Donostiara doan Talaia kostaldeko bidearen zati) eta paisaia ikusgarriak eskaintzen dizkigu: Pasaiako badiaren sarreran nagusi diren itsaslabarrak, edota La Plata farolaren gainean zuhaitzez inguraturiko begiratokia besteak beste.

Ibilbidearen planoa ikusi

Informazio gehiago Ulia mendiari buruz

 

7. Victor Hugo etxea

07 VICTOR HUGO

 

Donibaneko hirigune historikoan, “beti joan nahi duzun tokira eramango zaituen kale bakarra”-ren (Victor Hugo) bigarren arkuan aurkitzen da Victor Hugo etxea. XVII.mendeko marinel-etxe tipikoa da, XIX. mendean idazle frantziarrak egun batzuk igarotzeko aukeratu zuena, hain zuzen. Egun museoa da eta doako sarrera du.

Bertan “Victor Hugo, oroimenaren bidaia” erakusketa iraunkorra bisitatu daiteke, etxearen zenbait elementu biltzen dituena. Esaterako, Victor Hugok lo egin zuen logela ikusi dezakegu, eta audio bati esker etxe honetan izan zituen bizipenak entzun. Victor Hugok emandako deskribapenaren bitartez XIX.mendeko Pasaia ezagutzeko aukera emango digun ikus-entzunezko gela ere badago. Gainera, etxearen beheko solairuan Pasaiako Turismo Bulegoa aurkitzen da, hemen eguna aprobetxatzeko proposamena emango dizkigute.

Victor Hugo etxea

 

 8. Albaola eta San Juan itsasontziaren erreplika

08 ALBAOLA

 

Gipuzkoan bisitari gehien jasotzen dituen museoen artean dago Albaola. Izan ere, Albaola Itsas Faktorian Pasaiako historian zehar hain garrantzi handia izan duen erriberako ontzigintzaren tradizioa berreskuratzen da. Eremu ezberdinetan banatzen da faktoria: alde batetik bale-arrantza eta eta XVI.mendeko euskal itsas jarduera gaitzat duen erakusketa iraunkorra, bestetik erriberako ontzigintza tailerra, eta azkenik jendaurrean XVI.mendeko San Juan baleontziaren berreraikuntza egiten duten estalgunea.

Museora iristeko bi era daude, oinez San Pedroko ontziralekutik Ondartxora doan bidetik, edo itsasoz Trintxerpeko ontziralekuan hartu dezakegun Itxaszerbi enpresaren itsasontziarekin.

8 museo sarrera bakarrarekin

Albaola, Euskal Itsas Faktoria

 

 9.  Mater atunontzia, benetako euskal atun-ontzia

09 MATER

 Kantauri itsasoko atun-ontzi klasikoa da Mater, era tradizionalean eraikitako azken arrantza-ontzia. Pasai San Pedroko moilan dago amarratuta eta bisit gidatuak eskaintzen ditu, atun-ontzi tradizional honen iragan aparta ezagutzeko eta egun erabiltzen diren arrantza teknikak ezagutzeko.

Gainera, itsasoa eta arrantzarekin erlazionaturiko beste hamaika jarduera eskaintzen dizkigu Materrek: itsasora irteerak (zetazeoen behaketa, arrantza...), bisita gidatuak, eko-aktibitateak eta tailerrak, besteak beste.

Kontsultatu agenda hemen 

8 museo sarrera bakarrarekin

 

10. Gastronomia

10 GASTRO

Arrantza jarduerari sakonki lotutako gastronomi tradizioa dute Pasai Donibane eta Pasai San Pedroko hirigune historikoek. Honela, zuzenean itsasotik ekarritako itsaski eta arrai fresko eskaintza handia dago aukeran jateko orduan. Aberastasun hau izango da zonaldeko ohiko plater ezberdinen elaborazioaren oinarri, ezin zaitezke Pasaiatik joan horietako bat dastatu gabe.

Non jan

 

Oarsoaldea

Errenteriako Turismo Bulegoa

Madalen kalea 3. 20100 Errenteria
0034 943 494 521

Laguntzaileak

 

Euskadi basque country Eusko Jauralitza - Gobierno Vasco

 

Explore San Sebastian region

Kontatu zure esperientzia eta web orrian jarriko dugu