Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Done Jakue bidea

Bideek eta, bereziki, Done Jakue Bidearena bezalako historia luzea dutenek, lurralde batean barrena ibiltzeko aukera emateaz gain, jakin-min pixka batekin eta irudimenarekin hegoak zabaltzen baditugu, aspaldiko garai misteriotsuetara denboran bidaiatzeko parada eskaintzen digute.

Ikusi foiletoa

Done Jakue Bidea   Done Jakue Bidea

Badakigu, jakin ere, Akitaniatik honantz zetorren bide bat izan dugula Gipuzkoan antzin-antzinatik, bide hori Europatik penintsulan sartzeko bide nagusietako bat izan zela, eta Oiassotik barrena – egungo Irundik barrena- meseta aldera abiatzen zela gero. Bidasoaren bazterreko toki honetatik beste bide tradizional bat ere igarotzen zen, aurkitzen zailagoa, kostaldeari jarraiki. Bi bide horiek, denborak aurrera egin ahala, aldatzen joan ziren, eta noizbait, erromes askoren helmuga desiratu bilakatutako Santiagoko herrirar iristeko bi bide izatera iritsi ziren. Bideek eta, jakina, baita Done Jakue bideak ere, susperraldi bat ezagutu zuten Behe Erdi Aroan, herrien arteko komunikaziorako bide gisa, eta horri esker merkataritza ere indartu egingo da. Garai horretan, burgesiaren eta gremioen gizarte mailek diruan eta markataritzan oinarritutako ekonomia bat bultzatuko dute, ordu arte autokontsumoan oinarrituta zegoen jauntxoen egitura nagusi hura alde batera utzirik.

Bi bide horiek berritu egin dira, eta horri esker, zailtasunik gabe egin daitezke biak. Era horretan, erlijio, kultur nahiz natura aldetik interes handikoak diren paraje ugari uztartzen dituzte. Bi ibilbideak egoki seinalizatuak daude, eta berez, ez da arazorik izango bideari jarraitzeko, eta bata nahiz bestea, errepideetatik edo trafiko motorduna duten bideetatik urrun doaz. Mendiko bizikletarentzat ere egokiak dira, eta pedalei emateko hain egokiak ez diren tarteetan bide alternatibo batzuk gomendatuko dira. Azkenik, aipatu beharra dago, gure inguruan ditugun beste bide batzuei esker – adibidez, Arditurriko Bide Berdeari esker -, bi ibilbide horietako batetik bestera igaro gaitezkeela etea gehien komeni zaigun ibilbidea hautatu.

Done Jakue Bidea Gipuzkoan Barrena

mapa-done-jakua-bidea

Barrualdeko ibilbidea

Barneko ibilbidea Irungo Santiago Nazioarteko Zubian hasita, eta GI-3452 errepidea jarraituta, irteeratik 7,5 km-ra pista-bidegurutzera iristen da. Aurrera egingo dugu eta jaisten hasiko gara. Pixka bat igo ostean, 8,5 km-an (GI-2134) Gurutze hotelera (Gurutze auzoa) iritsiko gara. Hori jada Oiartzunen izango da.

Ikusi foiletoa

Done Jakue Bidea Barrualdeko ibilbidea   Done Jakue Bidea Barrualdeko ibilbidea

Ia kilometro batez errepide hau jarraituko dugu eskuinean irteten den zementuzko pistaraino. Hori hartu eta Oiartzungo hiriguneraino iritsiko gara. Hasieran pixka bat igo eta, ondoren, azkeneko 500 metroak behera egingo ditugu San Juan kaleraino. Bertan aldapa oso nabarmena da. Kale honetatik jaitsita ezkerraldean Lourdeseko Amabirjinaren irudia ikusi ahal izango dugu. GI-2134 gurutzatu eta Done Eztebe plazara iritsiko gara. Bertan Oiartzungo udaletxea aurkituko dugu.

Oiartzungo hirigunetik irten eta garbitoki zaharra igaro ostean, oinezkoentzako bidea (Arditurriko Bide Berdea) aurkituko dugu. Oinezkoen eta bizikleten pasabidea da. Artikutzako errepidea zeharkatu ondoren, Iturriotz auzora iritsiko gara. Ozenzio kalean gora egingo dugu. Ondoren, ahateak eta faisaiak dauden finka zeharkatuko dugu eta berehala errekarantz jaisten den bidexka aurkituko dugu. Zubitxo bat erabiliko dugu hori zeharkatzeko.

Bide estu eta harritsua hartu ostean, bidea pista batera iristen da eta zenbait aldiz igo eta jaitsi ondoren, gailurrera. Bertatik behitegiraino iritsi arte, bide belartsua eta basoa zeharkatu behar dira. Berehala gurutzatu beharreko errepidera iritsiko gara, hesia zeharkatu eta bide aldapatsuan gora egin beharko dugu. Bide hori hesi batek mozten du. Berriz ere zeharkatu egin beharko dugu eta gora egiten jarraituko dugu, baina oraingoan zementuzko pistetatik. Une batez Añarre Zarra nekazalturismoa aurrean izango dugu eta kilometro batez haritzez eta pagoz osatutako basotxoa zeharkatuko dugu. Goi-tentsioko dorrearen alboan bidexkak behera egiten du. Bidea oso aldapatsua da eta, beraz, baita oso irristakorra ere. Azkenean errekara iritsiko gara.

Hemendik Santiagomendiko ermitaraino bideak gora egiten du. Frantxilla Berri askaldegira iritsiko gara, Landarbasora daraman errepidearen alboan kokatuta dago. Eskuinalderantz joko dugu ezkerraldeko lehenengo bidea hartu arte. Puntu honetan Belabaratzeko aterpea 2 km-ra dago, Errenteriako Zamalbide auzoan.

Lurreko, belarreko eta zementuzko bideak txandakatuz, edateko ura ematen duen iturriraino iritsiko gara, hain zuzen ere, Santiagomendiko ermita baino pixka bat lehenago, jada Astigarragako udalerrian.

Kostaldeko ibilbidea

Jaizkibeletik pasa ostean, gure eskualdean Lezo eta Pasaia udalerriak zeharkatzen ditu.

Bidaia Irungo Santiagoko Nazioarteko Zubian hasten da. Bidasoako Parke Naturala eta Guadalupeko Santutegia zeharkatu eta Txingudiko Badiaren panoramikaz gozatu ostean, Pasai Donibanetik Jaizkibelera eta Hondarribiara datorren errepidera iritsiko gara.

Ikusi foiletoa

Done Jakue Bidea Kostaldeko ibilbidea   Done Jakue Bidea Kostaldeko ibilbidea

Aipatu errepidea hartu behar dugu eta bi bideren artean hauta dezakegu: Lezorantz edo Pasaiarantz.

Lezorantz: GI-3440 errepidea jarraituz, dorre karlistan errepidea utzi eta Olatzar baserriaren ondoan hasten den pista hartuko dugu Lezoko hiriguneraino, hain zuzen ere, Auñamendi kaleraino iritsi arte. Bertatik Saldise plazarantz joko dugu. Jaizkibel etorbidea zeharkatuta, Zubitxo kalea hartuko dugu eta Gurutze Sainduaren plazaraino iritsiko gara. Kale Nagusitik berriz ere Jaizkibel etorbideraino igota, herritik aterako gara Kultur Etxean edo Andreone liburutegian. Orduan, Pasai Donibanerantz joko dugu. Berriz ere GI-3440 errepidean izango gara. Jada Pasai Donibaneko hirigune historikoan “kale bakarra” zeharkatuko dugu Pietateko Makurtegiraino. Bertan dago txalupa hartzeko tokia. Txalupak, badia zeharkatuta, Pasai San Pedron murgiltzeko aukera emango digu.

Pasaiarantz: 400 metroz GI-3440 errepideari jarraiki, bihurgune itxira iritsiko gara. Errepidea utzita, ezkerralderantz errepide estua aurkituko dugu. Beherantz gogor egiten du. Tarte mailakatu luzea igaro ostean, Pasai Donibanera iritsiko gara. Pietateko Makurtegiraino jarraituko dugu. Bertan dago txalupa hartzeko tokia. Txalupak, badia zeharkatuta, Pasai San Pedron murgiltzeko aukera emango digu.

Badia gurutzatu ostean, bi aukera izango ditugu:

  • San Pedro eta Trintxerpe zeharkatu eta hiri-ibilbidea hartuta Donostiara iristea Miracruzeko gailurra igaro ostean. Ibilbiderik laburrena da hau.
  • Ontziratzeko tokitik aterata, ezkerralderantz hartu eta eskuinaldeko kaletik –kale estua– Elizaren aurrean dauden eskailerak aurkitu arte jarraitu. Eskailera hauek kanposanturaino daramate eta Ate Erromaniko itxia ikusteko aukera izango dugu. Ezkerralderantz biratuta, kanposantua ezkerraldean eta atzean utziko dugu eta gorantz egingo dugu. Pasaiako Badiaren bista zoragarriak eskaintzen dizkigun behatokira iritsiko gara. Hortik eskuinerantz jota, Platako Farola itsasargia ikusiko dugu.

Platako Farolaran plazatxora iristean, ezkerrean bide bat aurkituko dugu. Mendiola mendiko mendi-mazela erdialdean zeharkatzen du. Igoerak eta jaitsierak etengabeak dira. Bidean arkuen aurriak ikusiko ditugu, akueduktu zaharraren eta harrizko galtzadaren aurriak dira, hain zuzen ere. Bide horretatik jende asko dabil. Hala, asfaltozko errepideraino iritsiko gara. Ezkerraldean ikastetxe bat dago. Eskuinerantz hartuta, aldapa txiki bat igoko dugu eta, pixka bat aurrerago, errepidea bitan zatitzen denean, ezkerrerantz joko dugu, Ulia eta Donostiarako bidea hartuz. Pasatzean Uliako aterpea ikusteko aukera izango dugu. Donostiara, Zurriolako hondartzara, iritsiko gara.

modulo eus