Carrusel Interior img01 Carrusel Interior img02 Carrusel Interior img03 Carrusel Interior img04 Carrusel Interior img05 Carrusel Interior img06 Carrusel Interior img07 Carrusel Interior img08 Carrusel Interior img09

Kostaldeko ibilbidea

Jaizkibeletik pasa ostean, gure eskualdean Lezo eta Pasaia udalerriak zeharkatzen ditu.

Bidaia Irungo Santiagoko Nazioarteko Zubian hasten da. Bidasoako Parke Naturala eta Guadalupeko Santutegia zeharkatu eta Txingudiko Badiaren panoramikaz gozatu ostean, Pasai Donibanetik Jaizkibelera eta Hondarribiara datorren errepidera iritsiko gara.

Ikusi foiletoa

Done Jakue Bidea Kostaldeko ibilbidea   Done Jakue Bidea Kostaldeko ibilbidea

Aipatu errepidea hartu behar dugu eta bi bideren artean hauta dezakegu: Lezorantz edo Pasaiarantz.

Lezorantz: GI-3440 errepidea jarraituz, dorre karlistan errepidea utzi eta Olatzar baserriaren ondoan hasten den pista hartuko dugu Lezoko hiriguneraino, hain zuzen ere, Auñamendi kaleraino iritsi arte. Bertatik Saldise plazarantz joko dugu. Jaizkibel etorbidea zeharkatuta, Zubitxo kalea hartuko dugu eta Gurutze Sainduaren plazaraino iritsiko gara. Kale Nagusitik berriz ere Jaizkibel etorbideraino igota, herritik aterako gara Kultur Etxean edo Andreone liburutegian. Orduan, Pasai Donibanerantz joko dugu. Berriz ere GI-3440 errepidean izango gara. Jada Pasai Donibaneko hirigune historikoan “kale bakarra” zeharkatuko dugu Pietateko Makurtegiraino. Bertan dago txalupa hartzeko tokia. Txalupak, badia zeharkatuta, Pasai San Pedron murgiltzeko aukera emango digu.

Pasaiarantz: 400 metroz GI-3440 errepideari jarraiki, bihurgune itxira iritsiko gara. Errepidea utzita, ezkerralderantz errepide estua aurkituko dugu. Beherantz gogor egiten du. Tarte mailakatu luzea igaro ostean, Pasai Donibanera iritsiko gara. Pietateko Makurtegiraino jarraituko dugu. Bertan dago txalupa hartzeko tokia. Txalupak, badia zeharkatuta, Pasai San Pedron murgiltzeko aukera emango digu.

Badia gurutzatu ostean, bi aukera izango ditugu:

  • San Pedro eta Trintxerpe zeharkatu eta hiri-ibilbidea hartuta Donostiara iristea Miracruzeko gailurra igaro ostean. Ibilbiderik laburrena da hau.
  • Ontziratzeko tokitik aterata, ezkerralderantz hartu eta eskuinaldeko kaletik –kale estua– Elizaren aurrean dauden eskailerak aurkitu arte jarraitu. Eskailera hauek kanposanturaino daramate eta Ate Erromaniko itxia ikusteko aukera izango dugu. Ezkerralderantz biratuta, kanposantua ezkerraldean eta atzean utziko dugu eta gorantz egingo dugu. Pasaiako Badiaren bista zoragarriak eskaintzen dizkigun behatokira iritsiko gara. Hortik eskuinerantz jota, Platako Farola itsasargia ikusiko dugu.

Platako Farolaran plazatxora iristean, ezkerrean bide bat aurkituko dugu. Mendiola mendiko mendi-mazela erdialdean zeharkatzen du. Igoerak eta jaitsierak etengabeak dira. Bidean arkuen aurriak ikusiko ditugu, akueduktu zaharraren eta harrizko galtzadaren aurriak dira, hain zuzen ere. Bide horretatik jende asko dabil. Hala, asfaltozko errepideraino iritsiko gara. Ezkerraldean ikastetxe bat dago. Eskuinerantz hartuta, aldapa txiki bat igoko dugu eta, pixka bat aurrerago, errepidea bitan zatitzen denean, ezkerrerantz joko dugu, Ulia eta Donostiarako bidea hartuz. Pasatzean Uliako aterpea ikusteko aukera izango dugu. Donostiara, Zurriolako hondartzara, iritsiko gara.

esperientzia-gastronomikoak